2012ko perlak

Bai, badakit berandu eta originaltasun barik nabilela, baina nik ere 2012ko film onenen zerrenda egin dut. Lagun baten eskaera/proposamenari baiezkoa eman diot eta hauxe egin dut. 2012an estreinatutako eta ikusitako filmen zerrenda hau egitea uste baino gehiago kostatu zait, zaila da bata bestearen aurrean edo atzean jartzea batzutan. Espero dut zuen gustukoa izatea!

Image

Amour  Michael Haneke

Gutxitan sufritzen da hainbeste gozatuz, baina Hanekerekin ohituta gaude batzuk jada. Benetako maitasunaren eta bizitzaren inguruko saiakera fin-fina zuzendari austriarrarena. Existentziaren azken egunek uzten duten zapore garratzaren isla perfektua. Non plus ultra.

Image

Emak Bakia Baita – Oskar Alegria

Man Rayri gustatuko litzaiokeen dokumentala zela irakurri nuenean barrez lehertu nintzen. Hori bai lotsagabekeria! Baina zine aretotik ateratzean, ez nituen hitzik aurkitzen. Man Ray poz-pozik imajinatzen nuen  bere hilobian. Nork esan du Euskal Herrian film berritzaile eta onak ez direla egiten?

Image

Deus et machina – Koldo Almandoz

Mundua 7 egunetan sortu zuenak neke-neke eginda amaitu zuen seguruenik. Eta askoz nekatuago mundua egunero martxan jarri behar badu behin eta berriro. Jaungoikoak ere bere alde gizatiarra daukala erakusten digu Dziga Vertoven filmen antza duen pieza honek. Duda barik, egungo abangoardiako arte euskaldunaren adibide bikaina da Koldo Almandoz.

Image

No – Pablo Larraín

Pinocheten diktaduraren azken egunak umorearekin birsortzea zaila bada ere, Pablo Larraínek lortu egin du. Eta nola! Gael García Bernal ere bere linean jarraitzen du: bikain. Eta formatua? Hasieran areto guztiak txarto proiektatuta zegoela pentsatu bazuten ere, gustura amaitu genuen esperimentua.

Image

Seraph – Dash Shaw

Love Eats Brains (Odd God Press, 2004) eta Bottomless Belly Button (Fantagraphics, 2008) komikien egilea eta Sigur Rós talde islandiarraren artean egindako esperimentua. Ez dakit zeozer gehio gehitu behar bazaion esaldi horri. Ikusizko pieza bitxia eta film ikaragarria.

Vimeon ikusgai:

http://vimeo.com/49262701

Image

El muerto y ser feliz – Javier Rebollo

José Sacristanek pertsonaia zapuzten duela irakurri dut behin baino gehiagotan. Pertsonaia beraren antzera galduta dabilela aktorea bera Argentinan. Baina ez. Ukitu siku eta lau horrek koherentzia baino ez dio ematen narratzaileen istorio ironiko eta latzari. Agian ene umore bera duelako edo, baina film oso ona egitea lortu du Rebollok.

les-adieux-a-la-reine-affiche

Les adieux à la reine – Benoît Jacquot

Aitortu behar dut garai victoriarreko filmak gorrotatzen ditudala normalean, baina honekin zur eta lur geratu nintzen. Batzutan gogoratzen nintzen pelikula bat ikusten ari nintzela, eta ez nengoela Versalleseko pasilloetan barrena ibiltzen. Zuzendaritza artistiko harrigarria. Baina garrantzitsuena, estetika errealista, eta ez film historikoen antzerki estetika hura. Film bat moduan baino, koadro erakusketa baten antzera ikusi daiteke.

Image

The Event – Julia Pott

Sundanceko 2013ko ediziorako hautatu dute, eta merezita. Ez dakit zer daukaten Julia Potten irudiek, baina erraietan zeozer sentitzen dut. Maitemindu? Ez, beste gauza deskriba ezinen bat izango da. Belly (2012) bezain ona ez bada ere, zerrenda honetan egon behar zuen.

Vimeon ikusgai

http://vimeo.com/47246815

Image

El artista y la modelo – Fernando Trueba

Truebaren hitzetan: “gaur egun segundoak ere luze egiten zaizkigu”. Artistaren patxadaz kontatzen dizkigu istorioak Truebak. Artistek denbora gelditu dezaketelako, onerako gehienetan. Lasaitasunaren artea eta artearen lasaitasuna, dena kolorez beteta baina zuri-beltzean.

Image

The Angels’ Share – Ken Loach

Umore britainiarrak beti funtzionatzen du. Eta are gehiago britainiar indezente batzuk protagonistak badira. Hooliganen eta whiskyaren inguruko komedia interesgarria. 2012an film bikain gehiago ikusi izan banitu agian ez luke hemen lekurik izango, baina, tira, barre asko bota nituen bere garaian!

Uncategorized atalean publikatua | hitzekin laburtua | Iruzkin bat utzi

Saharako eskutitza

Ilusio pila bat egin dit gaur 6-7 urte inguru nituela idatzitako eskutitz moduko bat aurkitzeak. Tontakeri bat da, baina oso bitxia… Antza denez, Saharako umeentzat guk  zer oparituko genien idatzi behar genuen. Hona hemen nik idatzitakoa:

SAHARAko umentzako:

– dinosaurioak oso andiak (jostailuak direla suposatzen dut, ez nintzen hain sadikoa)

– jak (“Pesadilla antes de Navidad” pelikulakoa seguru; obsesionatuta nengoen tipo horrekin)

– euria

– dinosaurio geiago (“h”-ak ez omen ziren existitzen garai hartan)

– patinak

– pistina

– liburu irakurtzeko

– olentzero bi egun

julen

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Harrizko bidea

Aspaldi hustutako bidea gara.

Hesiekin moztu ziguten bidea,

faltsukeriaren egiazko legeekin

hormarik sendoenak inposatu zizkiguten.

 

Landarez inguratutako lurrak

beste bide baten antza dauka gaurkoan.

Etxeak hasi dira landetan,

eta kotxeak etxeetan.

 

Harriz bete zizkiguten hondartzak,

Itsasoa ikusi ez genezan.

Orduak suntsitu zizkiguten,

lo egin ez genezan.

 

Historiak, ordea,

hesiak bota ahal direla erakutsi digu.

Harrien artean igeri egin ahal dela.

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

The End/Beginning

Society is a fraud so complete and venal that it demands to be destroyed beyond the power of memory to recall its existence.

Waking Life – Richard Linklater (2001)

 

THE END/BEGINNING

As everything started to crumble,

and by crumble I mean:

the concept of seeing

everything we, as humans, knew, hated, loved,

created and imagined

reaching the end of times;

the very last moment where we

are no longer going to be us.

As that feared moment reached,

he sat down and enjoyed his coffee.

And when someone asked him about

his tranquility,

wondering why he wasn’t acting normally,

he told that guy:

“Only normality fears craziness. So when sanity

arises beyond all actions and speeches without a single devise of sickness,

that’s the time to wonder if the fever is being hidden”

So, while one was reaching the very end of everything,

the other was tasting the first coffee ever.

It was then, when normality asked for craziness.

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Galeraren protokoloa

For a minute there, I lost myself, I lost myself.

Radiohead – Karma Police

 

GALERAREN PROTOKOLOA

Ezerezaren mugetan galdu dut pasaportea,

itsasoak orraztuko dituen hegazkina galtzekotan nengoela,

izena ahaztu dudanean.

 

Zifrarik bako askatasuna itsatsi zait azalean,

ta ez du zaratarik egiten kontrolak pasatzerakoan.

 

Orduen artean bueltatuko naiz ezerezaren mugetara,

zin dagizut;

ez badut erreserba kodea ahazten.

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Sabelkeria

Jaten, tripakiak jaten ditugu,

mingain eta begiak,

dohakabeen belarri itxiak,

izandakoen atzapar heziak.

Jaten, gutxi batzuk jaten ditugu azalak.

Baina denek eransten ditugu ezkatak.

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Surik gabeko etxea

Baso kiskaliari begira, gure boterearen kea arnasten.

Baso kiskaliari begira, gure ahuleziaren kea arnasten.

Lisabö – Ezereza Mugak

 

SURIK GABEKO ETXEA

Enbor pilatu hezeen usaina darie

mendi berdeetako babesleku galduei

eta odol gorriz kirastu dituzte gaurko mareek

harkaitz grisez eraikitako harresi eta sareak

 

Jatetxeko menuetan okela gordina eta gorria bakarrik agertzen da

Amaitu dira plater mozorrotuen jatordu arinak

Esne garratza gosalduko dugu bihar,

egunsentian baino, gauerdiko ordu txikitan

 

Atzoko tximiniko suari kea baino ez dario gaurkoan

pospolo eta metxeroak bota zituzten zakarrera

eta sua eskuekin sortu beharko dute orain

berriro ikasiko dute sua egiten

 

Idazleari kantsatzen ari zaio eskua

begiak eta oinak aspaldi kantsatu ziren moduan

historia gehiegi idatzi dute, beitu, ibili

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Bakardadeaz II

Image

Edward Hopper – A Woman in the Sun

 

BAKARDADEA

Aurkitu dut hutsuneak betetzen dituena

isiltasunaren soinurik harmonikoena

gaueko konpainiarik onena

hitzik gabeko hitzarmena

agirietan ez dagoen izena

zuriz tindatutako koadrorik koloretsuena

aktorerik ez duen eszena

 

Eta ez da mapetan ageri

ez geografia liburuetan

ezta orrialde zurietan,

ez zurienetan ere ez

 

Aurkitu zaitut,

aurkitu nauzu

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Itsasgizona

I took a drink out of the ocean and I’m treading water

there before I drown

Let’s dive, I want to dive

To the bottom of the ocean

Biffy Clyro – Mountains

 

ITSASGIZONA

Itotzeko beldurrez naizelako

egunero noa itsasora igeri egitera

 

Arnasteko beharra dudalako

kentzen diet arrainei zakatzak

 

Oinatzak utzi nahi ditudalako

ibiltzen naiz harkaitzen artean

 

Amaierara heltzeko esan zidatelako

begiratzen diot hortzmugari

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Bakardadeaz

Aspalditik koaderno batean izkiriaturik ahaztuta nuen gogoeta/paja mentala aurkitu eta Jon Altunak idatzitako Bilerro fin-finarekin “gogoeten” elkarrizketa saiatu naiz egiten. Emaitza bakarrizketa kolektiboa izatearen beldurrez orain ere.

 

BAKARDADEA

Ez dut sekula ulertu zergatik diogun izua. Bakardadea gorrotatu beharrean, zaindu eta mimatu egin behar genuke. Azken arnasean, bakardadea soilik izango baitugu lagun. Beti bezain leial.

Bilerro

 

BAKARRIZKETA KOLETIBOAK ETA ELKARRIZKETA BAKARTIAK

Hau bai gizarte eroa hau. Saldu zizkiguten bakardadearen sintomak: danak larriak, danak hilkorrak. Saldu ere gaixotasunari aurre egiteko kremak eta pilulak. Urteak igaro eta bakardade kolektiboan ematen ditugu egunak. Indibidualtasunaren  izenean, guztiak ileretan bakarrik. Telebistan ere, bakarrizketa kolektiboak; ondo makillatuak eta mahai-ingurukoak deituta.

Bakardadea miresten dugun askok larritasunez eusten diegu ordu pribatuei. Gogoeta pertsonalei. Ez dakit zer egin; eta ez dakigu esan nahiko nuke. Buruhauste itzela nirea; gurea. Kontzeptuak nahastu ditudanaren beldur naiz; gara. Pribatutasun publikoaren mendean bizi gara.

Elkarrizketa bakartien bila nabil, naufragoaren antzera azkeneko ordu pribatuetan, bakartietan.

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi